Gardentasun Kontseiluak ongietorria eman dio estatutu berriari
02/08/2024
Gaur argitaratu dute BOEn, eta gardentasun publikoa gainbegiratzeko eta kontrolatzeko administrazio-agintaritza independente gisa indartzen du erakundea.
Gaurko Estatuko Aldizkari Ofizialak 615/2024 Errege Dekretua, uztailaren 2koa, Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Kontseiluaren (CTBG) estatutu berria onartzen duena. Estatutuak Gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeko bideari eta gobernu onari buruzko (LTAIBG) abenduaren 9ko 19/2013 Legearen aurreikuspenak garatzen ditu, Kontseiluaren egitura eta funtzionamendua arautzen ditu, administrazio-agintaritza independente gisa. Agintaritza horrek informazio publikoa eskuratzeko eskubidea babesten du, eta Estatuko Administrazio Orokorrean eta Estatuko sektore publikoan gardentasun-betebeharrak betetzen direla zaintzen du, bai eta funtzio horiek esleitu dizkioten autonomia-erkidegoetan eta hiri autonomoetan ere.
Estatutu berriak 2014ko urrian onartutakoa ordezkatzen du, eta erakundea indartzen laguntzen du, Administrazio Agintaritza Independentearen izaerarekin bat datorren egitura organikoa eta funtzionamendu-araubide juridikoa emanez. Horretarako, nobedade garrantzitsuak sartzen ditu; besteak beste, hauek:
Berariaz aitortzen du Administrazio Agintaritza Independentea dela.
Bere araubide juridikoa eguneratzen du, sorreratik izandako lege-aldaketak sartuta.
Egitura organiko berria ematen dio.
Xehetasunez arautzen ditu autonomia- eta independentzia-helburuak, -eginkizunak eta -bermeak.
Organo guztien funtzioak eta funtzionamendu-arauak argitzen eta zehazten ditu.
Ekonomia-, ondare- eta langileria-araubidearen arauketa zabaldu eta hobetzen du, bai eta kontabilitatearena eta kontrolarena ere.
Kontseilua sendotzeko berebiziko garrantzia du egitura organiko berriak, hiru organo berri izango baititu. Lehenik eta behin, Idazkaritza Nagusia sortu da, zerbitzu komunak kudeatzeko organo gisa, eta zeregin hori funtsezkoa da ezaugarri horiek dituen erakunde batean. Bestalde, hiru zuzendariordetza nagusi izango ditu, eta, hala, informazio publikoa eskuratzeko eskubidearen babes-lanak egiteko eta gardentasun-betebeharrak betetzen diren ebaluatzeko gaitasuna indartuko du. Azkenik, Kabinete bat sortu da, Presidentetzari laguntzeko organo gisa (Idazkariordetzaren maila eman zaio), zuzendaritza- eta erabakitze-funtzio ugarirekin.
Horrekin batera, Estatutu berriak Kontseiluaren araubide juridikoa eguneratzen du, 2014tik izandako lege-aldaketetara egokitzeko. Aldaketa horien artean, nabarmentzekoa da Sektore Publikoaren Araubide Juridikoaren urriaren 1eko 40/2015 Legeak Administrazio Agintaritza Independente bihurtu izana. Halaber, autonomiaren eta independentziaren helburuei, funtzioei eta bermeei buruzko erregulazio zehatzagoa sartzen da. Gardentasuna bermatzen duten gainerako organoekiko lankidetza arautzen da, baita antzeko izaera duten organoekiko nazioarteko lankidetza ere.
Bestalde, zuzendaritza-organoei dagozkien funtzioak argitzen eta sistematizatzen dira, eta lehendik garatzen ari ziren funtzio batzuen esleipena zehazten da, baita gerora sektoreko legeek berariaz esleitutako beste batzuk ere. Ildo beretik, zenbait aldaketa egin dira Gardentasunerako eta Gobernu Onerako Batzordearen funtzionamendu-arauetan; hala, saioen maiztasun berria ezarri da, bai eta bilerak egiteko eta akordioak aurrez aurre edo urrutitik hartzeko aukera ere.
Azkenik, aldaketa garrantzitsuak sartzen dira ekonomia-, ondare- eta langile-araubidean, lege-aldaketekin eguneratzeko eta gainerako administrazio-agintaritza independenteen araubidearekin parekatzeko. Era berean, kontabilitate- eta kontrol-araubidearen erregulazioa zabaldu eta hobetu egiten da.
Beharrezko estatutua
Kontseiluaren estatutu berri bat onartzea egungo Lehendakaritzaren helburu nagusietako bat zen. 2022-2025 Plan Estrategikoan identifikatu zen ezen, giza baliabideen eta baliabide materialen urritasunarekin batera, Kontseiluaren beste ahulezia handia zela, arlo funtzional guztietan eragina zuena, erakundearen egitura organikoa desegokia izatea funtzionamendu-behar errealei erantzuteko eta agindutako zereginak eraginkortasunez betetzeko.
Zuzendaritza nagusi baten irudia izanik, eraginkortasuna galtzen zuen administrazio-agintaritza independente baten berezko funtzioak betetzeko, eta zailtasun hori areagotuz joan zen denborarekin eta herritarrek Kontseiluaren jarduerak etengabe eskatu ahala. Horren ondorioz, Planean zeharkako lehen helburu estrategikoa ezarri zen: «Kontseiluaren baliabideak eta egitura haren eskumen eta funtzioetara egokitzea».
Estatutua erreformatzea beharrezkoa zen, halaber, haren araubide juridikoa eguneratzeko sorreratik egondako lege-aldaketak aintzat hartuta, eta haren eginkizunak eta organoen arteko barne-banaketa zehaztasun handiagoz arautzeko, urte horietan eskuratutako esperientzia oinarri hartuta.
Hori dela eta, Kontseiluak erreforma hau sustatu du, erakunde gisa sendotzeko eta esleituta dituen funtzioak betetzeko gaitasuna indartzeko funtsezko elementuei heltzen diena. Horren bidez, Kontseiluaren araubide juridikoa eguneratzen da lege-mailako araurik behar ez duten alderdi guztietan, LTAIBGren erreforma programatua noiz amaituko zain. Erreforma horretan, gardentasun publikoaren bermatzaile gisa egiten dituen jardueren eraginkortasun osoa bermatzeko ezinbestekoak diren gainerako elementuak txertatu beharko dira.
Kontseilua pozik dago arau-esparru berria onartu delako. Izan ere, azken urteotan aurrekontu- eta langile-zuzkiduretan izan den gorakadarekin batera, erakundea sendotzeko aurrerapauso handia da, bizitzako lehen hamar urteak betetzear daudenean.